Hernanin jaioa, kantuko ikasketak Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan burutzen ditu, goi mailako titulua eskuratuz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikasketa-poltsa lortzen du, bi urtez jarraian lehiatuz, Frantzian hobekuntza ikasketak egiteko; ahots teknika, interpretazioa eta eszena lirikoko ikasketak konbinatuz Baiona, Burdeos eta Pariseko musika kontserbatorioetan; Pierre Clement, Maryse Castets, Florence Katz eta Mercedes Proteau irakasleekin. Callosa d´en Sarriáko XIII. Nazioarteko Kantu Lehiaketan txapelduna eta Mallorcako X. Nazioarteko "Francisca Cuart" Kantu Lehiaketan semifinalista. Eskola magistralak jaso ditu Ana Mª Sanchez, Isabel Penagos, Enedina Lloris, Miguel Zanetti eta Robert Experten eskutik, abeslariei zuzenduriko Goi Mailako Hobekuntza ikastaroak eginez.


Magisteritzako bi espezialitateetan diplomatua, doktoradutzako tituloa eskuratzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoan "La imagen visual en el canto: aprendizaje y comunicación en el aula de música" izeneko tesiarekin, A. Laucirica eta J.A. Ordoñana Doktoreen zuzendaritzapean.

Honekin batera, soprano bakarlari ibilbide aktiboa garatzen du. Zenbait paper nagusi interpretatu ditu, AMAPOLA (La Leyenda del Beso, Soutullo eta Vert), POPPEA (Agrippina, G.F. Haendel), EURIDICE (Casi Orfeo, I. Ibaibarriaga), ANA MARI (El Caserío, J. Guridi) beste batzuen artean. Kontzertista moduan ere, paper solistak interpretatu ditu, G. Pergolesiren STABAT MATERRA, C. Saint-Saënsen GABON ORATORIOA, C. Orffen CARMINA BURANA, G. Fauréren REQUIEMA de G. Fauré eta A. Vivaldiren GLORIA bezalako obretan parte hartuz esaterako. Euskal Herri, Espainia eta Frantziako eszenatoki garrantzitsuetan aurkezpenak egin ditu errezitalak eskeiniz, P. Clement, A. Sáez Puente, J. Pérez de Azpeitia, M. Ibeas pianistekin, E. Baranzano gitarjolearekin, E. Aldekoa arpajolearekin eta I. Ibaibarriaga saxofoijolearekin. Koru zenbaitekin kontzertuak egin ditu bakarlari gonbidatu bezala proiektu ezberdinak aurrera ateraz; Mirandako Orfeoia, Goratzar korua, Kantaka korua eta Urmaiz korua. Errepertorioa zabala da, aintzinako musika eta barrokotik hasi eta klasizismo, liederra, frantziar melodiak, opera, euskal eta espainiar abestiak, zarzuela eta musika garaikidera bitarte. Azken hauek proiektu interesgarri bezain konplexuak izanik, CASI ORFEO multimedia opera esaterako, non Euridiceren papera aurrera eramaten duen konposagile ezagunen obrak interpretatuz, horien artean J. D´Escrivanek idatzitakoak.


Errezitaletan euskal musikak leku berezia izaten du, bertako ondare kulturalaren ezagupen eta hedapena helburu izanik. J. Guridi, T. Garbizu, P. Sorozabal eta A. Donostia bezalako autoreak oso kutunak izanik, bere aitona zenaren, Antonio Mercerok, konposaturiko obrak altxor txiki bat osatzen duten, zeinak, harrotasunez eskeintzen dituen emanaldietan. Honezgain, eszenografia lanetan aritu da zenbait opera eta zarzuelei forma emanez; hauen artean, DIDO eta AENEAS (Victoria Eugenia Antzokia eta Kursaal Auditorioa), EL CASERÍO (Konstituzio enparantza eta Apolo Antzokia), AGRIPPINA (Konstituzio enparantza), ZARZUELA ANTOLOGIA (Antzoki zaharra eta denbora gutxi barru, Apolo Antzokian).

Gaur egunean, Donostiako "Fco. Escudero" Profesional Mailako Musika Kontserbatorioko kantu irakaslea da oposizioz eta aktibitate hau, proiektu musikal ezberdinekin, ahots hobekuntza eskolekin eta ikerketekin tartekatzen du.